EHAK-PCTVri buruz idazten edo esaten direnak gordetzen saiatuko gara.(EZ OFIZIALA) Recopilaremos lo que se escriba o diga en torno a EHAK-PCTV.(NO OFICIAL)

4/06/2005

[kolaborazioa] Koldarraren Sasoia (Gotzon Barandiaran)

Pepeko Abcsek argi esan zion Zapaterori ” aizu, ezker abertzaleak ez du nahikoa ETAren indarkeria gaitzesten duela esatea hauteskundeetan parte hartzeko, 3 hitz ez dira nahikoa, ezta 33 ere”, alegia, nahiz eta alderdien legeak ETAren indarkeria gaitzesten duzula esaten baduzu demokrata zarela eta beraz hauteskundeetan parte har dezakezula jaso, benaz, hori ez da nahikoa, ezer ez da nahikoa ez bada belaunikatzea eta espainol aitortzea. Legea Espainiaren batasuna arrakala dezakeen guztiaren aurka egiteko asmatu zuten. Eta PNVk ez du egundo arrakalarik zabalduko. Horregatik ez dute egundo PNV legez kanporatuko, ezta EA ere, Martin Aranbururik izanda ere. Espainolez “ Todos decidimos”, “ Todas decidimos” “ Quieres, puedes” eta euskaraz “ Erabaki dezagun” leloak erabiliko dituzte hauteskunde kanpainan legez kanporatutako Batasuna edota Aukera Guztiaken alde bozkatzea erabakita dugunoi burla eginez, aukera politikoak legez kanporatzea normaltzat hartuz; Ibarretxek esan zuen aukera politiko guztiek berdintasunean aurkezteko eskubidea izateaz ez eze, komenigarria dela aukera politiko guztiek parte hartzea; Atutxak eta Erraztik falta dena falta dela, ororen gaindi, Legebiltzarra demokratikoa izango dela, horregatik jarri dute euren makinaria mediatikoa martxan EHAK zergatik ez duten legez kanporatzen salatzeko. Ilegalizazioaren alde daude . Eta ni, ezker abertzalekoa izaki, legez kanporatutako herri-plataforma bateko hautetsia izaki, iraindua sentitzen naiz. Ez naute begirunez tratatzen, gezurra esaten didate eta gainera sinets dezadan eskatu. Legez kanporatzeak erabaki politikoak izan direla salatu eta botoa eskatzen didate, erabaki dezakedala sinestarazten didate, ergeltzat naukate.


Bertsolari batek, Bertso-egunean,” euskal presoak kalean egon arte ez dut moztuko bizarra” edo antzeko azken puntua kantatu zuelarik, txalo zaparrada itzela hartu zuen ordainetan. Promes egin zuela iruditu zitzaidan eta promesak betetzeko direla pentsatu nuen. Hitza betetzen badu ezaguna egingo da Amurizak baino bizar luzeagoak izateagatik baina nago lehenago moztuko duela eta inork ez diola Kursaalean kantatutakoz konturik eskatuko. Izan ere, zein erreza den hitz ederrak esan eta argazkietarako irriak gordetzea. Zein erreza den ez betetzeko promesak egitea. Euskalduna esanekoa, berbakoa dela nabarmentzen dute diasporako euskaldunekin harremanak dituztenek. Historian zehar ere horrela izan ei da beti, euskaldunek langileak eta berbakoak direla demostratu ei dute.


Politika gezurraren eta azpijokoaren artea dela esan zidan lagun batek, onartu beharra dagoela eta gainera politiko ona izateko azpikeriatan jarduten jakin behar dela, gauza bat esan eta beste bat egin behar dela, berbak alderdiaren interesetara itzuli behar direla. Baldintza horiek betetzen dituena ei da politiko ona.Nik, ostera, dugun gaitzik eta handiena horixe bera dela erantzun nion, egia esango diguten politikoak behar ditugula, sentitzen dutena aitortuko dutenak, herritarrok eskubidedun gizaki inteligente legez hartuko gaituztenak. Ez da goi mailako politika egiteko sasoia, behe mailakoa egitekoa baizen, herritarrontzako politika egitekoa baizen, eta largabistatik baino hurbilagotik begiratzen badugu konturatuko gara alderdiak ez direla herria. Amorruz gaitzesten dut horrenbeste odol isuriarazi duen gatazka politikoari irtenbidea bilatzen ibili beharrean, alderdiaren interesen araberako diskurtsoa egiten duen politikoa, gezurra egia lez sinestarazi gura didana, ez betetzeko promesak egiten dizkidana. Zuei, koldarroi, zintzotasuna eskatzen dizuet.